
Ingurumen Heziketarako Zerbitzuak, Biarritzeko Malandain Ballet taldeak eta Donostiako Cristina Enea Fundazioak artea eta ingurumena uztartzen dituen programa bat jarri dute martxan bigarren urtez 2019-2020 ikasturterako, Sirénes izeneko ballet obra koreografiko bat oinarri hartuta. Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeak finantzatzen du proiektua.
Itsas Laminak – Sirenas – Sirènesen helburua hau da: ingurumen-alorreko mezu erakargarri bat zabaltzea, metodologia eta baliabide berritzaileak erabiliz, heziketa-programen irakaskuntza aberasteko eta ikasleen artean dantza eta sorkuntza artistikoarekiko zaletasuna sustatzeko. Gai hauek lantzen ditu batez ere: itsaso eta ibaietako hondakin plastikoen arazoa eta gure kontsumo-ohiturekin duen lotura.
Iruñea, Donostia eta Biarritzeko Bigarren hezkuntzako 12 eta 15 urte bitarteko ikasleei dago zuzendua. Ingurumenari eta kutsaduraren arriskuei buruz zenbait informazio jasoko dute ikasleek, eta ingurumen-arazoak konpontzeko konponbideak proposatuko dira. Ibilbide pedagogiko baten barruan egingo dute hori guztia: dantza-eskolak, balet-ikuskizunak eta ingurumen-hezitzaileek diseinatutako unitate didaktiko baten garapena.
2019/20 Kurtso honetan zehar Iturrama BHI, Jesuitinas eta Iparralde BHIko 1.DBHko ikasleak parte hartzen ari dira.
Sirénes sorkuntzaren dokumentala
Ibilbide pedagogikoaren azken etapa, ikasgelan plastikoaren arazoa lantzen duen unitate didaktikoa da. Unitatetaren jarduerak ikasgai desberdinetan landu ahal izateko diseinatuak izan dira, esperimentazioan eta eskuhartze zuzenean oinarritzen dira, partehartzaileengan aldaketa errealak bultzatzeko helburuz.
Plastikoen arazoa lantzeko interesa duzuen ikastetxea bazarete, Hurrengo link-ean deskarga dezakezue unitate didaktikoa: